2011-05-06 /Ibai Maruri BERRIA
Espainiako Kongresuak tabakoaren lege berria onartu zuenetik, Hego Euskal Herriko pilotalekuetan oro har ez dela erretzen azaldu du Tabakismoari Aurre Egiteko Elkarteak. Joseba Zabala medikuak egindako ikerketaren arabera, Miribilako frontoian (Bilbo) iragan apirilean jokatu zen finalean zirkulazio handia den kale batean baino mikropartikula gutxiago neurtu ziren.
Tabakismoari Aurre Egiteko Elkarteak 2008tik 2011ra bitartean jokatu diren binakako finaletan frontoian egon den mikropartikula kopurua neurtu du. Kopuru handiena Atano III.a frontoian neurtu zuten 2009an: 1.340 mikrogramo metro kubikoko. Aurten Bilboko Miribila pilotalekuan, berriz, 83 mikrogramo baino ez dituzte neurtu. “ACB saskibaloi ligako edozein partidutan neurtu daitekeen bestekoa da hori”, egin du alderaketa Joseba Zabala medikuak. 2010ean ere beherakada nabarmena egon zen, baina harako hartan Ipar Euskal Herritik Gasteizko finalera etorri zen pilota zale mordoak zer esana izan zuela uste du: “Iparraldeko pilotalekuetan dagoeneko ez erretzera ohituta zeuden”.Zabalaren arabera, pilotariek eserita dauden ikusleek baino zazpi aldiz gehiago haizeztatzen dute, kirola egiten dauden bitartean. “Ezin dugu ahaztu minbizia eragiten dutela partikula hauek. Hortaz, egin kontu erretzen ari diren ikusleek baino zazpi aldiz partikula minbizi eragile gehiago barneratzen dituzte”. Hurrengo urratsa kirolgune irekietako egoera neurtzea izango dela iragarri du.